XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

-Ez dut uste luzamendutan ibili behar dugunik -tenore ahotsa dauka Luisek goizetan.

- Lehenbailehen salatu behar dugu Bittor jipoitu izana.

- Ados nago Kepak ondotik, tratu txarrak daudenean gure erantzunak berehalakoa izan behar du.

Gisa honetako tratuak ez ditugula onartuko adierazi behar diegu.

- Orduan, Bittorrek dioen bezala, modulura jaitsi arte luzatuko dugu gose greba? Beñaten kezka.

- Edo muga ipiniko diogu protestari?

- Sarritan jardun dugu honetaz.

Hiru egun, bost, gehienera zazpi egunekoa izan behar du barauak.

Bestela beste borroka batean sartzeko arriskua dago - amaitu du Josebak.

Batzarretik ohar bat irten da.

Bittor modulu berean dago, lagun taldetik hogeita hamar metro eskasera.

Baina oharrak lau orduko zeharbidea hasi du: Bittor, jaso diagu hire oharra.

Gose greban gaudek gu ere, eta protesta jarrera gurekin batera amaitzea komeni duk.

Modu horretan salaketa jarrera biribilduko diagu.

Ados? Guk hamalauan utziko diagu gose greba, bost egun egin ondoren.

Hamabostean jaten hasi, Bittor.

Hirekin gaudek.

Besarkada bat.

Taldeak uko egin dio gosaltzeari.

Bittorrek arratsaldean izan du oharraren berri.

Gauean buruz errepikatu du oharrak zekarrena, eta hirekin gaudek esaldiak biziki zirraratu du.

Leihotik begira, ziega eta sabela hutsik dituela, txapa zulodunaren artetik ikusi du ilargia.

Hodei biren artean dago, erortzeko arriskuan.